Bilakaera denboran zehar
Lehen herrixkaren sorrera. Adarrez eta lokatzez egindako etxeak, isolatuak.
Harrizko harresia eta errekarrizko kalea eginak zeudenean eraiki ziren lehenengo etxeak Las Eretasen, K.a. VII. mendean. Oinplano angeluzuzena zuten, eta sutondo bat erdian, baina egitura oso hauskorra zen: lurrean iltzatutako lizar-zutoin txikiak, lerrokatuta, eta lokatzez estalitako makila-egitura bat. Ziurrenik, bi isurkiko teilatua zuten, luzetara, askatasunez mugitzeko bideak zeuden-eta etxeen artean, harresira iritsi ahal izateko. Badakigu lehen herrixka hori sute batek suntsitu zuela, baina ez dakigu nahita izan zen ala ez.

Bigarren herrixka. Harrizko eta adobezko binakako etxeak.
Lehen herrixka gotortu horren errautsen gainean, han bizi izan ziren nekazariek etxe-talde trinkoago eta gogorragoa eraiki zuten; izan ere, etxeek karga-horma mehelinak partekatu zituzten eta lehorrean jarritako harlangaitzezko zokalo baten gainean altxatzen ziren (kareharrizkoa, handik urruti samarrera kokatutako harrobietatik ateratakoa, ala Argaren ibilguan bildutako errekari handiz egina). Paretak adobezkoak edo lur zapalduzkoak ziren, eta teilatua —isurki batekoa, harresitik kaleraino— zurezkoa, lastozkoa eta lurrezkoa zen. Bi zeharrormak hiru ataletan banatzen zuten estalkia, eta zeharrorma horiek alboko karga-hormetan eta beste hainbeste erdiko zutoinetan sustengatzen ziren (arrastoa utzi dute lurrean).

Hiri-birmoldaketa. Ogi-lantegia.
K.a. VI. eta V. mendeen artean bizi izan ziren bigarren herrixka horretan. Ez zen aldaketa handirik gertatu diseinuan, baina, ziurrenik sute partzial baten ondorioz, birdiseinatu egin zen etxe-taldearen mendebaldeko sektorea; horri esker, lantegi bat jarri zen harresiaren ondoan, ogia modu kolektiboan ekoizteko. Bi labe, sutondo bat eta zenbait arasa aurkitu dira han, zerealak ehotzeko eta ogiaren orea prestatzeko erabiliko zituztenak.

Herrixka zeltiberiarra. Biztanleriaren hazkundeak harresia eraistera behartu zuen.
Egindako ikerketen bidez, badakigu herrixka txiki geratu zela K.a. IV. eta III. mendeen artean; izan ere, harresia eraitsi zen, mendebaldetik zabaldu ahal izateko. Herrixka berri horretan, kalea harrizko lauzekin zolatu zen, baina ezer gutxi dakigu etxe-taldearen diseinuaz, partzialki baino ez baitira kontserbatu aztarna arkeologikoak, gainazaletik hurbil zeuden eta.
Las Eretas herrixkaren erromanizazioa.
Jendea K.a. I. mendera arte bizi izan zen habitat horretan. Aurkitutako suntsipen-maila mende horren hasieran datatu da, eta, beharbada, sertoriar gerrekin lotuta dago suntsiketa, gure erregioko beste herrixka askoren suntsipen- eta abandonatze-mailak ere garai horietakoak baitira. Gatazka hori eta geroxeago, herrixka edo vicus berri bat eraiki zen Berbintzanan, baina ez leku horretan, iparralderago baizik, eta hondar arkeologiko ugari bildu dira han. Konstantino enperadorearen garaikoa (K.o. IV. mendeko) da miliarioa (informazio-mugarria). Argaren ibarrean zehar Graccurris (Alfaro), Andelo (Andion, Mendigorria) eta Pompelo (Iruña) hiriak komunikatzen zituen erromatar galtzadari dagokio.






