Las Eretas museo eta aztarnategi arkeologikoa
 

Non zaude: Hasiera >> Herrixka gotortua >> Aztarnategiari balioa ematea

Aztarnategiari balioa ematea

1999an, Nafarroako Gobernuak espedientea ireki zuen “Berbintzanako Las Eretas Burdin Aroko herrixka” Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko, Zona Arkeologikoko kategorian. Urte bereko ekainaren 14an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Foru Aginduaren bidez egin zen. Lege-babes hori geroago jasoko zen, prebentzioz, Kultura Ministerioaren Erregistroan.

Poblado de las Eretas. Vivienda recreada

Landa-ikerketa arkeologikoa amaitu ondoren, 1998an, Berbintzanako Udalak “Las Eretas aztarnategi arkeologikoa museo bihurtu eta balioesteko proiektua” enkargatu zuen. Horrek, oro har azalduta, bi fase edo lan-ildo zehazten zituen: lehenengoan, agerian geratutako herrixka protohistorikoaren hondarretan eta inguruan esku hartuko zen; bigarrenean, aldiz, gizarte- eta hezkuntza-eduki handiagoa eman nahi zitzaion, aztarnategiarekin eta Ebro Garaiaren Burdin Aroko kulturarekin zerikusia izango zuen museo-zentro erantsi bat sortuz. Erakunde horrek berak turismo-sektoreko enpresa espezializatu bati agindu zion aurreikusitako jarduketen bideragarritasun-azterlana egiteko, eta horren aldeko ebazpena eman zuen. Lehengo fasea aurrera eramateko, bi gune oso bereizitan jardun zen: batetik (1998), ibai-parke bat sortu zen, ontziraleku eta askaldegi eta guzti, aztarnategiaren eta Arga ibaiaren ibilguaren arteko eremuan; bestetik (2000-2001), herrixkaren hondarretan esku hartu zen: lurzatia osorik drainatu zen, inguruaren azalera urbanizatu zen, jariatze-urak kontrolatu ziren eta hondarrak finkatu ziren (etxeak, harresia, kalea eta dorreak), eta, bukatzeko, segurtasun-itxitura jarri zen aztarnategian, bai induskatutako esparruan, bai ukitu gabeko zatian (metodologia arkeologikoaren bidez azter daiteke zati hori etorkizunean).

Vista del poblado de las Eretas. Detalle de base de vivienda, hornos y postes

Era berean, bide bat eta gaineko pasabideak jarri ziren herrixkaren zati eta hondar guztiak bisitatzeko ibilbide bat egokitzeko; horrez gain, informazio-panelak jarri ziren azalpen laburrak emateko. Ikerketa esperimentalaren adibideari jarraiki, eta pedagogia-neurri gisa eta iraganeko errealitate historikoa interpretatzeko neurri gisa, herrixkako etxebizitza bat in situ birsortu zen, baita harresiaren eta dorrearen zati bat ere, etxearen hondoaren euskarri zirenak. Esku-hartze hori egiteko, duela 2500 urte erabilitako eraikuntza-teknika berak simulatu ziren, eta aztarnategiaren arkeologia-azterlanak aholkatzen zituen elementu eta materialak baliatu ziren. Hondar arkeologiko originalak ez ezabatzeko neurriak hartu ziren, dena den, eta egindako lana itzulgarria izatea ezinbesteko irizpidea izan zen hori dena egiteko orduan.

 
Ondare Zain Nafarroako Gobernua Nafarroako Erresuma

Hauen kidea:

EXARC Elkartea ICOM Elkartea Nafarroako Ardoaren Bidea Nafarroako Museoak